Badirudi gauza guztietara ohitzen garela (maskaretara barne), eta oso denbora luzea igaro dela martxoan korapilo honetan sartu ginenetik. Kontua da ordudanik, erronka izugarri handiei egin diegula aurre, hala eremu pertsonalean nola profesionalean. Hala ere, esan dezakegu, sasi guztien gainetik, arreta eman diegula gure pazienteei, eta zentroetako jarduera ere arin berreskuratu dugula.
2020ko martxotik irailera, 44.000 paziente ezberdin artatu ditugu, 200.000 kontsulta egin ditugu eta baita 130.000 proba ere. TAK taldeek 3.700 etxeko bisita egin dizkiete pazienteei, hau da, 2019an baino 500 gehiago. Epe horretan 120.000 kontsulta egin ditugu telefonoz, eta horrek esan nahi du boskoiztu egin direla 2019ko denbora-tarte berean egindakoak.
Bitarte honetan, Bizkaiko Sareko profesional asistentzialek eta asistentziaz kanpokoek lan eskerga egin behar izan dute, malgutasunez, arlo komunitarioan zein ospitaleetan. Horren adibide garbia da ohe gehiago jarri genituela Bermeoko Ospitalean, Galdakaoko paziente akutuetako unitatearen itxierari erantzuteko, eta bestetik, Zamudioko Ospitalean, Gurutzeta aldeko paziente akutuak ospitaleratu ahal izateko.
Aurrekoaz gain, ez dugu ahaztu behar di-da batean zabaldu genuela COVIDeko pazienteentzako unitatea Zaldibarko ospitalean, Galdakao-Barrualde ESIari laguntza emate aldera, eta beste alde batetik, arreta eman zietela adikzioetako lantaldeek eta etxerik gabeko TAK taldeak kiroldegietan eta bestelako instalazioetan konfinatuta egon ziren pertsonei.
Oraindik dirau ziurtasun gabeko egoera zail honek, baina zalantzarik ez dago orain dela hilabete batzuk baino hobeto gaudela prestaturik, eta, ondorioz, espero dugu 2021a izan dadila, ez normaltasun berriaren urtea, baizik eta normaltasunaren urtea, besterik gabe.
J.U.