Azken hilotan, tailer batzuk egin ditugu BOMSeko osasun mentaleko zentro eta arreta-zerbitzu guztietan, Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategia ezagutzera emate aldera. Estrategiak lau oinarri ditu: inguru babesle eta segurua sustatzea, prestakuntza ematea, protokoloak ezartzea eta integraltasuna.
Helburu nagusia da jokabide suizidaren intzidentzia, prebalentzia eta inpaktua murriztea (ideazioa, saiakera eta suizidioa), prebentzioko, esku-hartzeko eta osteko esku-hartzeko sistema integratu eta eraginkor baten bidez. Estrategiaren bederatzi eremuetako bat osasungintza denez, hainbat ekimen bideratu dira osasun-esparru orokorrera, lehen mailako arretara, ospitale orokorretara, arlo komunitarioko farmaziara eta osasun mentalera.
Suizidioaren prebentzioa hobetu nahi da, ebidentzian oinarritutako erantzun bizkorra emanez arreta-fase guztietan, eta horretarako neurri batzuk ezarri dira osasun mentalaren esparruan: arriskuaren identifikazioa, ebaluazioa eta abordatzea, estrategiaren koordinazioa eta jarraipena, informazioaren erregistroa eta emaitzen azterketa.
Hobeto artatu nahi ditugu bere buruaz beste egin duen pazientearen senitartekoak eta eragindako profesionalak (osteko esku-hartzea), eta ematen ari garen tailerren bidez, prestakuntza- eta laguntza-baliabideak eskuratzen dizkiegu osasun mentaleko profesionalei, hobeto detektatu, arta eta aborda ditzaten bere buruaz beste egiteko arriskua duten pazienteak.
Tailerretan, Euskadiko Suizidioaren Behatokiaren behin-behineko emaitzen aurkezpen labur bat egiten dugu, jokabide suizida ulertzeko eta maneiatzeko ezagutzak jorratzen ditugu (ebidentzia zientifikoan oinarritutakoak), eta horrekin batera, datozen hilabeteetan abian jarriko diren ekimenik garrantzitsuenak ematen ditugu jakitera: gertatu berri den suizidio-saiakeraren alerta (Suizidio Arrisku Kodea deiturikoa), suizidio-arriskuari begirako zainketa-plana (ebidentzian oinarritutakoa), segurtasun-plana, eta baita, pazientearen suizidioa gertatu ondoren, diziplina ezberdinetatik egin behar den berrikusketa ere.
J.U.