El colgajo liburua Philippe Lançonek idatzi du, 2015ean Charlie Hebdori egindako atentatuan bizirik irten zirenetako batek, hain zuzen ere. Lançon kulturaz jantzitako kazetari bat da, eta bere lankideekin batera tirokatu egin zuten, baina ez zen hil. El colgajo liburuan, atentatuaz bainoago, ospitalean igaro zituen ondorengo bederatzi hilabetez aritzen zaigu, zeinetan denetarikoak pairatu behar izan zituen.
El colgajo ondo idatzita dago. Bertan Lançon gai da zehaztasunez azaltzeko estres akutuak eragindako nahasmenduaren sintomak eta traumaren ondorio kronikoak, hala nola kontzientzia-egoera disoziatua (halakorik nozitu ez dugunok erdizka baino ezin duguna irudikatu): “Hain handia izan zen bortxakeria non ordurako, gainerakoak bezala, murgilduta nengoen dena geldiro antzean, ralentian, gertatzen zen unibertso batean”. Edo depresio- eta aztoramendu-nahasketa hori: “Negar egiten dut galdutako nire bizitzagatik, negar egiten dut nire etorkizuneko bizitzagatik, negar egiten dut nire bizitza ilunagatik; hala ere, ez nau negar egiten ikusiko”. Eta, jakina, baita flashbak horiek ere: “Begiak itxi nituen, zozo beltzari eta etor zitekeen beleari ihes egiteko, eta orduan, betazalen azpian zer agertu eta Bernarden garunak”.
Hori bai, dena ez da iluntasuna liburuan. El colgajok badu bere alde ona, Lançonek erakusten baitigu nola eusten dion gogor bere defentsa-mekanismoari, ez hondoratzeko, eta suntsiduratik irteteko, eta badirudi lortu egin duela. Umorez idazten du osasun-sistemaren funtzionamenduaz: “Jainko-jainkosek distantzia zaintzen dute gurekin, eta zirujauek, ere bai”, eta bere miseriez (zoragarria da berak enemak hartzeko beharraz aritzen zaigunean, edo berriro hasten denean sexu-harremanak izaten). Pixkanaka, argitasun- eta itxaropen-izpi batek bereganatzen du irakurlea, ikustean nola egiten duen handi bere sufrikarioa literaturari esker, eta azkenean, arteari esker ere, Velazquezen bufoien laguntzarekin.
Lançonek Ja! Jaialdian parte hartu zuen. Beheko loturaren bidez ikus dezakezue elkarrizketa.
Beatriz Rodríguez Cabo