Yonki Books proiektua Oihan Iturbiderena da. Iruindarrak ordena honetan definitzen du bere burua: yonki, biologo kliniko eta editore. Hiru identitate horien baturari esker, eta Next Door Publisher-en itzalean, sortu du adikzioei buruzko dibulgazio zientifikoko zigilu berri hau.
Oihanek muturreraino eramaten du argitalpen-gardentasuna, eta ez du ezer ezkutatzen adikzioan ibilitako bidea eta errekuperazio prozesua kontatzean. Horrekin, esanahi berria eman nahi dio yonki hitzari, eta baita mundu horren inguruan ezarritako tabuak eta isiltasuna hautsi ere. Horixe egiten du, hain zuzen ere, argitaletxearen webgunean ez ezik, elkarrizketak egiteko duen kanalean ere, oso gomendagarria dena, liburuen osagarria baita.
Oihanek dioenez, biologia ikasi zuen mendekotasuna utzi ondoren sortu zitzaizkion galderei erantzunak ematen saiatzeko, eta espiritu hori bera da bildumarena ere, “Conocer para reconocer” goiburua duena (Jakin, ohartu ahal izateko), eta haren bidez, adikzioei buruzko kalitatezko informazioa zabaldu nahi du, bi oinarri hartuta: pertsonen lekukotza eta ebidentzia zientifikoa.
Ezin da ukatu hasteko modu erakargarria dela; halakoxeak dira, halaber, web-orria eta bere liburuen azalak betetzen dituzten fluor-koloreak. Egia esan, harrigarria da oraindik gaztelaniara itzulita ez egotea berak argitaratutako lehen liburua: ¿Cuánto bebes?, David Nutt-ena. Izan ere, David Nutt neuropsikofarmakologiaren “popeetako” bat da, izen handiko zientzialaria, ezinezkoa zirudiena lortu duena: “Science” aldizkarian argitaratzea, BBCn zabalkundea egitea eta Britainia Handiko gobernuaren aholkulari izatea. Horrekin guztiarekin sustatu nahi zuen datu zientifikoetan, eta ez aurreiritzietan, oinarritutako toxikoei buruzko erabakiak hartzea.
Beatriz Rodríguez Cabo