Bere buruaz beste egindako rock-figura handietan pentsatzen baduzu, seguruenik kasu batzuk etorriko zaizkizu burura, gutxi-asko entzutetsuak, hala nola Syd Vicius-ena (nahita eragindako gaindosia, 1979ko otsailean), edo Kurt Cobain-ena (suzko arma batekin, 1994ko apirilean). Beste batzuk ez dira horren ezagunak: Brad Delp “Boston taldeko” abeslariarena (COrekin nahita egindako intoxikazioa, 2007ko martxoan), edo Richard Manuel-ena (bere burua urkatu zuen, 1986ko martxoan).
The Band rock-taldea, nahiz eta gaur egungo zaharrenek nahiko ahaztua daukaten, eta gazteenentzat erabat ezezaguna den, handienetako bat izan zen bere garaian. 50eko hamarkadaren amaieran, Kanadan sortu zuten Rick Danko-k, Garth Hudso-k, Richard Manuel-ek, Robbie Robertson-ek eta Levon Helmek-ek. Bandak Bob Dylanekin batera jo zuen haren lehen bira elektrikoan, eta Martin Scorsesek 1976an filmatu zuen taldearen azken kontzertua, agurrekoa hain zuzen ere, itzal handiko partaideak izan zituena; besteak beste: Eric Clapton, Neil Diamond, Dylan bera, Emilou Harris, Van Morrison, Ringo Starr edo Neil Young. Filma 1978an estreinatu zen, “The Last Waltz” izenburupean.
Manuelek arazo larria zuen heroinarekin eta kokainarekin, baina are larriagoa alkoholarekin. Ibilbide autosuntsitzaile hori 1986ko martxoaren 4ko gauean amaitu zuen, bere burua urkatu zuenean motel baten logelan, Grand Marnier botila bat gehiago hartuta, eta kokaina-tiro batzuk sartu ondoren.
J.U.