Maileguan hartu dizkiogu izenburua eta ideia Scott Alexanderren blog-eko (Astral Codex Ten) “post” bati, oso interesgarria iruditu zaigu eta. Zer nahiago dute deprimituta dauden pertsonek, musika tristea ala alaia entzun?
Zenbait azterlanek diotenez, deprimitutako pertsonek musika tristea entzun nahi dute (ez dugu ikusi abestirik gogokoenen zerrendarik dagoen), eta horren arrazoia izan daiteke, ez norberaren tristuran sakonduz goibeltasunarekin berarekin gozatzea, baizik eta abesti mota horri darion "energia baxuaren" efektu lasaigarriaz kutsatzea.
Era berean, deprimitutako pertsonek ez dute giro zalapartatsurik ez jai-girorik bilatzen; nahiago dituzte leku lasaiak eta pixka bat isolatuagoak. Egia da, halaber, beste azterlan batzuek kontrako emaitzak atera dituztela, eta ondorioztatu dute musika malenkoniatsua entzuteak are gehiago tristatzen zaituela deprimituta zaudenean, eta onena dela musika alaia jartzea. Post-ak indarra egiten du hipotesi horretan, eta homeostasiaren teoria ere jaso du.
Ez dago zertan deprimituta egon malenkonia eta tristura uneak izateko. Eta uste dugu nahiko arrunta dela, halakoetan, gure sentimenduetan sakontzea, nolabait geure buruaz errukitzeko; eta musika da, hain zuzen ere, detonatzaile emozional oso garrantzitsua; edo bestela esanda: horretarako tresna ezin aproposagoa; baina edozein musika motak ez digu balio izaten, gutako bakoitzak badituelako emozioak sorrarazten dizkigun kanta kutunak, eta batzuk garaiezinak dira tristura-emozioa eragiten; horra hor Eric Claptonen “Tears in Heaven”.
J.U.