Hori da liburuaren izenburuaren euskarazko itzulpena: "A narrative of the treatment experienced by a Gentleman during a state of mental derangement designed to explain the causes and nature of insanity, and to expose the injudicious conduct pursued towards many unfortunate sufferers under that calamity". Ez dugu aukeratu liburua hark daukan literatura-kalitateagatik, baizik eta eromenaren esperientzia pertsonalaren lehen lekukotzetako bat izateagatik, eta, bereziki, azaleratzen duelako nolako arreta eztabaidatsua jasotzen zuten gaixo mentalek XIX. mendearen erdialdeko Ingalaterrako ospitale psikiatrikoetan (garai hartan, asilo edo eroetxe esaten zitzaien).
Perceval Erresuma Batuko elite aristokratikoko familia batean jaio zen 1803an; bere aita, Egmonteko bigarren kondearen semea, lehen ministro izatera iritsi zen 1809an, baina erail zuten, Johnek 9 urte zituelarik, Erresuma Batuko Parlamentuan bertan. Ez dago argi gertaera hori zenbateraino dagoen lotuta etorkizunean pairatuko zuen haustura mentalarekin, zeinaren lehen sintomak 1830ean agertu zituen, 27 urte zituenean; hain zuzen ere, Eskoziara bidaia espiritual bat egin eta sekta erradikal ebanjeliko moduko batean amaitu zuenean. Horren ostean, Irlandan dagoneko, gero eta portaera nabarmen alderraiagoa eta arraroagoa agertzen hasi zuenez, familiak psikiatrikora eramatea erabaki zuen: lehenik, Bristoletik hurbil zegoen batera, eta gero Sussex-era, zeinetan hiru bat urte iragan zituen.
Behin gaindituta itxuraz psikosi eskizofrenikoaren gertakari bat zirudiena, bizitako esperientzia psikotikoak argitaratu zituen bi liburukian. Horietan, bere egoera deskribatzeaz gain, kontatzen du nolako tratua eta tratamenduak jasan zituen, isolamendua, abusua eta baita askatasuna berreskuratzeko aurrera eramandako borroka ere. Osteko bizialdia kanpainak egiten eman zuen, bai "lunatikoen" gaineko legeak erreformatzeko, bai psikiatrikoetan ospitaleratuentzako tratu hobea eskatzeko; eta bere burua hasi zen aurkezten "Bere maiestatearen eroen abokatu nagusi" tituluarekin. Batu zitzaion, halaber, paziente ohien, senideen eta laguntzaileen talde bati, eta 1845ean eratu zuen "Ustezko lunatikoen lagunen elkartea". 20 urtez aritu zen elkartea legebiltzarrean, bai eta epaitegietan eta jendaurrean ere, eta, hitzaldi eta topaketen bitartez, 70 pazienteren abusuen kasuak azaldu zituen hainbat ospitaletan, Bethlem ospetsua barnean hartuta.
Gregory Bateson antropologoak, Margaret Mead antropologoaren senarrak (emaztea ezagunagoa izan zen senarra baino), ospea lortu zuen “eskizofreniaren lotura bikoitzaren teoriagatik”, eta 1962an “La narratiba-ren” bi liburukien bertsio bat argitaratu zuen "La Narrativa de Perceval: el relato de un paciente de su psicosis 1830-1832" izenburuarekin. Perceval aitzindari izan zen paziente psikiatrikoen eskubideen aldeko aktibismoan, lehen pertsonako kontakizuna eginez, errekuperazio pertsonalaren adibide izanik, eta jendaurrean eta botere politikoekin jardunez: bigarrenekin, bereziki.
1859an, “Bere maiestatearen lunatikoen elkarteak”, urteetan eskatu ondoren, entzunaldi bat lortu zuen Legebiltzarrean; bertan Percevalek argudiatu zuen pazienteak babestu behar zirela nahigabeko ospitaleratzeetatik eta baimenik gabeko tratamendu esperimentaletatik; aldarrikatu zuen eroetxe pribatuak ixtea, pazienteek erabakiak hartu ahal izatea euren tratamenduetan, kanpoko komunikazio-askatasuna edukitzea (garai haietan ez zegoen mugikorrik, bai ordea gutunak bidaltzerik) eta antzeko beste batzuk ere. Elkartearen etsipenerako, horrek guztiak ez zuen lege-aldaketarik ekarri, eta indarra galtzen joan zen. Haren lekukoa Louisa Lowek eta “Lunatikoen legearen erreformarako elkarteak” hartu zuten, eta urte asko geroago, paziente psikiatrikoen aldeko mugimenduek.
J.U.