Timothy John Crow, psikiatra britainiarra, psikiatriako irakaslea Oxforden, eskizofreniaren arloan eragin handiena izan duen psikiatretako bat izan da.
Eskizofrenia eta depresioa ikertzeko Galesko Printzearen Nazioarteko Zentroko ohorezko zuzendaria, bere ekarpen handienak psikosiaren esparruan egin zituen, bereziki eskizofrenian. Irudi zerebralaren azterketetan aitzindaria, eskizofrenia duten pazienteen garuneko egiturazko aldaketen lehen aurkikuntzak erakutsi zituen, Nancy Andreasenekin lankidetzan.
Aurrerago, 80ko hamarkadan, Crowk gaixotasunean bi sindrome bereiztea proposatu zuen, sintoma positiboetan oinarritutakoa eta sintoma negatiboetan oinarritutakoa, Cwowen I eta II motako Eskizofrenia. Bereizketa hori gaur egun ez da erabiltzen eguneroko klinikan, eta ez da islatzen DSM edo CIE sailkapen-sistemetan; baina bere garaian, erreferentzia nabarmena izan zen.
Giza eboluzioaren alorrean ere interesa izan zuen, eskizofrenia homo sapiens-ek hizkuntzaz jabetzeagatik ordaindu behar izan duen prezioa dela defendatzen zuen, hizkuntzaren zirkuituak sortzeko beharrezkoak diren garuneko konexioen eta egituraren egokitzapenen ondorioa.
The Psychiatrist egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, 2018an, Timek azaldu zuen psikiatra lanaz haratago, arkeologia eta paleontologia zituela pasio nagusi, baita giza espeziearen natura eta dibertsitatea aztertzea ere. Elkarrizketaren amaieran galdetu zioten hil ondoren nola nahi zuen oroitua izan. Bere erantzunak epitafio ona dirudi: "psikiatra ikertzailea, ideia batzuk sortu zituena eta horietako batzuk behintzat oker zeudela konturatu zena".
Tim azaroaren 21ean hil zen, 86 urte zituela. Goian bego.