Lmentala: 112. zk.- 2025eko ekaina / Nº 112.- Junio 2025
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
SAREA GARA

Lmentala oporretan doa


Uda eta opor usaina nabari dira, eta, horrenbestez, urrira arte agurtuko da Lmentala.

Hilabete hauetan, gure Sarearekin zerikusia izan duten albiste interesgarriak helarazten saiatu gara, bai eta gure ohiko atalekin entretenitzen ere; espero dugu neurri batean lortu izana.

Ambroise Biercek zioenez, uda da irribarre egiten duen urtaroa, eta desagertu egiten da gustura egoten hasten garenean. Izan ere, denbora hegan doa, eta badirudi are azkarrago doala gelditzea nahiko genukeenean; beraz, goza dezagun egun luzeekin, eguzkiarekin, arropa arinagoekin eta errutinaren aldaketarekin. Eta urrian, udazkena ate joka dugunean, hemen izango gara berriro, gure Lmentala hobetzeko ilusio eta gogoarekin.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu, halaber, buletinerako edukiak prestatzen denbora eman duzuenoi; zuen lankidetza ezinbestekoa izan da buletina bizirik mantentzeko.

Uda on guztioi!

BOMSeko argazki-lehiaketaren argazki irabazleak eta finalistak

Otsailaren 24tik martxoaren 24ra bitartean egin zen BOMSeko argazki lehiaketak baditu irabazleak:

“Emakumearen nazioarteko eguna” kategorian: “Berdintasuna gure esku” , Durangoko Eguneko Ospitaleko langile eta erabiltzaileen argazkia.

“Kategoria librea” deritzonean: “Neguko nostalgia. Garraitz uholdeko zaindaria”, Basauriko Eguneko Ospitaleko langile eta erabiltzaileen argazkia.

Argazki finalistak hauek izan dira:

“Emakumearen nazioarteko eguna” kategorian: “Distira propioa. Con luz propia”, Nerea Areitioaurtena Alonsorena.

“Kategoria librea” deritzonean: “Eboluzioaren magia”, Ana Uriarte Garciarena.

Mila esker parte hartzaile guztiei eta zorionak irabazle eta finalistei!

Argazki bilduma

Uribeko Lehenak zentro berrira joan da

Uribeko Lehenak eraikinez aldatu da, eta kokapen berriari esker, gure pazienteei ematen zaien arreta, horien errehabilitazioa eta gizarteratzea hobetzeko aukera egongo da.

Bizkaiko lehen gertakarietako arreta-taldeek 14 eta 65 urte bitarteko pazienteak artatzen dituzte, lehen gertakari psikotikoa dutenean. Psikosiaren espektro osoa tratatzen dute.

Paziente horiek lehen gertakariaren ondorengo 72 orduetan tratatzen hastea funtsezkoa da emaitza onak lortzeko, hain zuzen, autonomiaz (gaitasun funtzionala) moldatzeko gaitasuna berreskuratzen joateko aukera izateko. Hori dela eta, agendetan beti dituzte hutsuneak, sortzen diren kasuei erantzuteko.

Uribeko unitateak gaur egun 200 pertsona ingururi ematen die zerbitzua, eta diziplinarteko talde batek osatzen du: Leire García (psikiatria), Brais Pereira eta Patricia Caballero (psikologia klinikoa), Naiara San Vicente (gizarte-lana), Violeta Sánchez (erizaintza) eta María Teresa López (administrazioa).

Talde-lana da, eta bere filosofia banakako esku-hartzea da; hala, indarra esku-hartze integral eta funtzionalean jartzen da, ez bakarrik sintomatikoan. Helburu horrekin, zentroko profesionalak pazientearekin elkarrizketatzen dira banakako tratamendu-plana ezartzeko, eta horren jarraipena asteroko talde-bileretan egiten da.

Hasiera-hasieratik horrela lan egiten ari diren arren, eraikin berriaren instalazioen zabaltasunari esker, erabilera anitzeko gela bat gaitu ahal izan da, espazio faltagatik egin ezin ziren terapia-aukera berriak irekiko dituena.

Taldea ilusioz dago asistentzialki irekitzen diren aukerekin, eta uste dute oso beharrezkoa zela Uriben horrelako zentro bat izatea.

Patxi Gil eta Leire Garcia

Argazki bilduma

Kristine San Juan, Bermeoko Errehabilitazio 3ko gainbegirale berria


Osasun mentaleko erizain asistentzial gisa 28 urtez aritu ondoren, ibilbide profesional berri bat hasten da niretzat, kudeaketaren arloan. Epe hau ilusioz eta gogoz hasten dut, urte hauetan guztietan ikasitakoa beste ikuspegi batetik lantzen jarraitu nahian. Nire helburua, osasun mentaleko erizaintza hurbila, konprometitua eta kalitatezkoa sustazea da, beti pertsonak erdigunean jarriz.

Kristine San Juan

Euskaraldia: BOMSeko Ariguneen hiztegia

BOMSen Ariguneak sortu ziren zenbait zentrotan. Guztira 13 izan dira:
• Bilboko egoitzan bost talde: Kudeaketa Ekonomikoa, Erizaintzako Adjuntutza, Pertsonala, Zuzendaritza eta, azkena, Prestakuntza, Komunikazioa eta Euskara.
• Zaldibarko Ospitalean bat: Harrera.
• Bermeoko Ospitalean bat: Pertsonala eta Informatika bat eginda.
• Durangoko Eguneko Zentroa.
• Osasun Mentaleko Zentroetan bost: Ajuriagerrako OMZ, Bermeoko OMZ, Galdakaoko OMZ, Gernikako OMZ, Otxarkoagako OMZ.

Arigune horietako partaideei mintzagramak bidali zitzaizkien, taldeko erabilera neurtzeko. Kide guztiek erantzun ez duten arren, guztira 41 mintzagrama beteta jaso dira, Euskara Zerbitzuaren eskura informazio garrantzitsua utziz.

Euskaraldiak iraun duen bitartean, Ariguneetako parte-hartzaileei Euskal Hitzen Erroskoa ere helarazi zaie, eta erantzuna nahiko zabala izan da. Jasotako hitz guztiekin hiztegi bat osatu da eta behean duzue eskuragarri.

Eta gogoratu, Euskaraldia bukatu arren, Ahobizi eta Belarriprest izaten jarrai dezakegula urte osoan zehar!

Mila esker ekimen honetan parte hartzeagatik!

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. BOMSeko lan-hiztegia

Argazki bilduma

Diziplina Anitzeko Irakaskuntza Unitateak: Trukea Arabako OMS/Bizkaiko OMS Göteborgeko Unibertsitatearekin (Suedia)

Bizkaiko OMS

Maiatzaren 5ean, Göteborgeko (Suedia) irakaskuntza-unitatearekin elkartu ginen, Osasun Mentaleko espezialitateko erizain egoiliarren prestakuntzari buruzko ezagutzak partekatzeko.

Arabako OMSeko Diziplina Anitzeko Irakaskuntza Unitatearekin koordinatuta, esperientziak trukatu genituen gaur egun erizain egoiliarrak eta tutoreak lantzen ari diren gaiak eta lan-arloak azaltzeko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu gure egoiliarrei jardunaldi honetan parte hartzeagatik, batez ere Erika Mc Donnell-i eta Irene Martinezi, "ONDO BIZI programaren eguneratzea" eta "Zamudioko Ospitaleko nekazaritza programa" izeneko aurkezpenak ingelesez azaltzeagatik.

Laburbilduz, topaketa emankorra eta oso interesgarria izan zen, eta erizain egoiliarren prestakuntzan lan egiteko beste modu batzuk, gurearen nahiko antzekoak, ezagutzeko aukera izan genuen.

Izaskun Eraña

Argazki bilduma

Informazioa modu seguruan ezabatzea


Gehiago erabiliko ez den informazio pertsonala edo sentikorra ezabatu egin behar da, baimena ez dutenek berreskuratu ez dezaten.

Paperean dauden dokumentuak Zentroan dauden paper-suntsitzaileetan ezabatu behar dira.

Dokumentu digitalen kokapena jakitea beharrezkoa da, Osakidetzako EAZk ezabaketa segurua egin ahal izateko.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Eliminar información de forma segura
  2. Informazioa modu seguruan ezabatzea

Arrakasta handia izan dute Eboluzioa eta neurozientziei buruzko jardunaldiek

Joan den maiatzaren 22an eta 23an Bizkaiko Mitxelena aretoan (Aretoa- UPV/EHU), Eboluzioari eta neurozientziei buruzko jardunaldiak egin ziren, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta. Ia 3.400 profesional, ikertzaile eta neurozientzien arloan interesa duten pertsona bildu ziren. 3.134 lagunek ikusi dituzte zuzenean streaming bidez.

Edizio honetako gai nagusiak izan dira, emakumeek eboluzioan duten paper ahaztua, mikrobiotaren eta nahasmenduen arteko harremana (alzheimerra, autismoa edo depresioa) edo gure sinesmen zentzugabe eta irrazionalenetako batzuen sustraiak.

Jardunaldiak 2017an egin ziren lehen aldiz, eta hainbat arlotan (psikiatria, biologia eta arkeologia, besteak beste) interesa duten profesionalak eta pertsonak batzen dituen gune bihurtu da: giza jokabidea ikuspegi eboluzionista batetik aztertzea.

Eva Garnica gure lankideak eta Pablo Malo, BOMSen psikiatra izandakoak, zuzendu dituzte. Aurten ere Estatuko zientzia-arloko pertsona nabarmenek parte hartu dute jardunaldietan, hala nola Palmira Saladié (Universitat Rovira i Virgili) eta Marga Sánchez (Granadako Unibertsitatea) arkeologoek, Roberto Colom (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) eta Hector Garcia (Texas A & M University San Antonio) psikologoek, Victoria de Andrés biologoak (Malagako Unibertsitatea), Antonio Rosas paleoantropologoak (CSIC), Ignacio López Goñi mikrobiologoak (Nafarroako Unibertsitatea) eta Javier Jurado ingeniariak (zibersegurtasunean eta adimen artifizialean aditua).

Eva Garnica

Egoiliar berriei harrera

Ekainaren 6an, ostirala, egoiliar berriak sartuko dira BOMSeko Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalean: 6 BAEE (Jean Carlos Velasco, Lexuri Aldekoa, Nerea Gómez, Sara Martínez Sierra, Maialen Marinas eta Mª Luisa Huescar), 4 BAME (Nerea Solano, Sara Martínez Gonzalo, Marina Rica eta Leire Elezgarai), 1 Haur eta nerabeen BAME-(Guillermo Briales), eta 3 BAPE (Enara Ziaran, Nerea López eta Alba López). Dakizuenez, BAEE egingo dutenak 2 urte emango dituzte gurekin, BAME egingo dutenak 5 eta BAPEek, 4 urte.

Eskerrik asko, beti bezala, datozen urteetan egoiliarren prestakuntzan lagunduko duzuenoi. Datozen egoiliarrez gain, tutore kopuruak ere gora egin du; BAEE (Ainara Etxebarria), BAME (Talía Rincón), Haur eta nerabeen BAME (Biotza Goyenechea) eta BAPE (José García).

Eva Garnica

Edu Pombar, Prestakuntza arloko administraria eta aisialdian, aktorea

Prestakuntzara deitzen duzunean, erantzuten duen gizon-ahots lodi horren atzean Edu Pombar dago.

Administrari honek bere aisialdian aktore eta zuzendari jarduten du Banarte antzerki-taldean.Ez du itxaron erretiroa hartu arte gogoko duen afizioari ekiteko.

Lmentalan egin diogun elkarrizketa honek zer pentsatua ematen du: ez ote diegu besteok ere gogoko ditugun ekintzei heldu beharko, erretirora itxaron gabe?
Gure artean ba ote da beste aktorerik?

Elkarrizketa (euskaraz) irakurtzeko sakatu beheko estekan

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa

Argazki bilduma

HP Lovecraft

H.P. Lovecraft (1890-1937) beldurrezko literatur genero kosmikoaren sortzailetzat dute batzuek. Literatur mota honetan izaki ilunek eta oinarrizko izugarrikeriek gizaki hutsalekin jolasten dute. Lovecraften kontakizunek eta bertan agertzen diren pertsonaiek mitologia bat sortu zuten, lilura eta kultua sorrarazten dutenak oraindik ere. Mitologia horren irudikapenik onena Cthulhuren Mitoetan jasotzen da, 1921 eta 1935 bitartean garatutakoak: "Eguneroko mundu ezagunaren azpian errealitate miresgarri eta beldurgarri bat ezkutatzen da, ilunpetatik gizateria zelatatzen duena, eta izuan edo eromenean murgiltzen du dimentsio ulertezin horren amildegiak antzematera ausartzen dena".

J. Uriarte

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Lovecraft

Todas las mañanas


Javier de Isusi (1972) artista bilbotarrak ibilbide berezia du: arkitektoa da, horretan jardun zuen, bidaiaria eta, azkenik, azken urte hauetan arrakasta izan duen komikigilea. Astiberrik FICE Spain, Agintzari eta Resilis elkarteekin batera argitaratutako "Todas las mañanas" lanean familia-harrera espezializatuaren gaia jorratzen du.

Juan Medrano

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Todas las mañanas

Rocka eta psikiatria: 27en Kluba

Adierazlerik edo erregistrorik ez daukagunez, agian, hainbeste argitalpenen ondoren, konturatu gabe errepikatuko nuen gaurko gaia. Ziur nago klub hau aipatu dudala haren kideren bati eskainitako lerroetan, baina gaur apur bat gehiago sakonduko dugu klub aparta eta makabro samar honi buruz. Izan ere, 27en Klubak 27 urterekin hil ziren musikari, artista eta pertsona ospetsuen talde bat da, askotan egoera tragikoetan, hala nola gaindosiarekin, buruaz beste eginda edo istripuetan. Nahiz eta "klub" formala ez izan, 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran musikaren ikono batzuk hil ondoren egin zen ezagun izendapena, eta are indar gehiago hartu zuen 1994an Kurt Cobain hil ondoren. Adin bertsukoak eta heriotza goiztiarra izateak mistizismo-aura eta espekulazio kulturala sortu izan dute, baina ez dago naturaz gaindiko lotura edo lotura estatistiko esanguratsurik.

Kide aipagarrienak:
• Brian Jones (1969): Rolling Stonesen sortzailea, igerileku batean itota hil zen, gaindosi edo istripu baten ondorioz beharbada.
• Jimi Hendrix (1970): asfixiaz hil zen, barbiturikoen gaindosi baten ondorioz.
• Janis Joplin (1970): heroina-gaindosi baten ondorioz hil zen.
• Jim Morrison (1971): Doorsen liderra, ziurrenik heroina-gaindosiagatik, baina autopsiarik ez zegoenez, ez zen heriotzaren arrazoia baieztatu.
• Kurt Cobain (1994): Nirvanako abeslaria, eskopeta batekin bere buruaz beste egin zuen.
• Amy Winehouse (2011): alkohol-intoxikazioagatik hil zen.
• Robert Johnson (1938): zaharrena, baina besteak bezain ospetsua, blues musikari amerikarra izan zen, bere garaian Delta Blueseko Erregea bezala ezaguna, rockaren aitona moduko bat, Dylan edo Eric Clapton bezalako jendearengan izan zuen eraginagatik. Bere heriotzaren arrazoia gaindosiagatik edota buruz beste egiteagatik baino exotikoagoa da; dirudienez, pozoituta hil zen whiski hartzean, edarian senar haserretu samar batek naftalina botata edo. Kondairak dioenez, gitarrarekin denbora gutxian lortu zuen birtuosismoa, bidegurutze batean kasualitatez aurkitu zuen deabruarekin egindako itun baten ondorio izan zen. Bere izena ezaguna egiten ez zaizuenoi, seguru bere abestiren bat ezagutzen duzuela, Sweet Home Chicago, adibidez.

27en Klubak teoria bitxi batzuk sortu izan ditu, hala nola naturaz gaindiko madarikazioa, 27 urteko rock musikari distiratsuei bereziki eragiten diena. Agian Robertek deabruarekin izandako lehen harremanetik abiatuta, deabruak eta musikariek deabruarekin egindako hitzarmenei lotua beharbada. Eta hara, se non è vero, è ben trovato.

J. Uriarte

BOMSeko prestakuntza-plana: bigarren seihilekorako jarduerak

Bigarren seihilekorako aurreikusita dagoen planifikazioa kontsulta dezakezue beheko artxiboan

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Prestakuntza-plana

112.zenbaki honetan laguntzaile hauek izan ditugu

Juan Medrano, Eva Garnica, Kristine San Juan, Izaskun Eraña, Leire Garcia; Patxi Gil
LOTURAK