Milaka aldiz entzun dudan disko bati buruz hitz egitera natorkizue, gehienetan hasieratik amaierara (80 minutu baino gehiago irauten duen arren), nahiz eta batzuetan tranpak egiten ditudan eta baten bat "saltatzen" dudan.
Aitortu behar dut 4 abestik bereziki hunkitzen nautela, gertatu ohi den bezala. Zalantza izan dut abesti bakarra aukeratu edo ez, azkenean LP (long-play, zeinen ondo datorkion izena) honetako 4 abesti aukeratu ditut. Abestiak honako hauek dira: "Fell on black days", "Black hole sun", "Just like suicide" eta "The day I tried to live". Izenburuekin bakarrik hasiko zarete artikulu honen izenburua ulertzen... Hitz batez, Soundgarden taldearen "Superunknown" albumaz hitz egitera natorkizue.
Disko hau 1994ko martxoaren 8an argitaratu zen, eta erabateko arrakasta izan zuen kritika eta salmentetan. Gainera, 2 Grammy sari irabazi zituen. Taldea ezagutzen duzuenok jakingo duzue Seattlekoak zirela, grunge mugimenduaren sorlekukoak, baina ez ziren horri inoiz oso atxikiak sentitu, heavy metal eta punk estiloa aldarrikatzen baitzuten. Portzierto, disko hau Kurt Cobain Nirvanako liderrak bere buruaz beste egin baino hilabete eskas lehenago atera zen. Nirvana hiri eta garai hartako beste talde ikoniko bat zen eta Cobain Soundgarden taldearen oso laguna.
Lerrootan ezin naiz Soundgardeneko abeslariari, Chris Cornelli (e letran enfasia jarrita), buruz hitz egin gabe geratu. Ahots magikoa zuen, adierazpen-gaitasun ezohikoa, ahots-erregistroan 3 zortziko eta erdi erabiltzen zituena, desafinatzeko gai ez ziren horietakoa izateaz gain. Berea bezalako ahots gutxi daude. Aipatu ditudan 4 abestien hitzak eta musika bereak dira, gure Chrisenak. Horiek guztiek sufrimenduaz, depresioaz, hutsune existentzialaren sentsazioaz eta normaltasun-itxuraz hitz egiten dute, amildegia gure oinetara zabaltzen denean. "Fell on black days" adibide bat.
Bere bizitzan zehar, Chris Cornellek depresioa eta alkoholarekiko mendekotasuna pairatu zituen (beste substantzia batzuekin nahastu zuen, baina ez hain jarraian). Zalantzak daude heriotzaren arrazoiari buruz, baina bertsio ofizialak dio bere buruaz beste egin zuela 2017ko maiatzean, 52 urte zituela. Honaino iritsi bazarete, pentsatuko duzue nahikoa drama dugula egunerokoan, eta ez duela hain iluna den disko bat entzuteko gogorik ematen. Eta egia da (bizitzarena, diot). Egia da, halaber, diskoa berezia dela, eta metala maite duen edonork bere memoria akustikoan izan behar dituen abestiak ere badituela. Frikienentzat: kontuz afinazioekin, eta konpasak kontatzen entretenitu zaitezkete... Gainera denak ez dira hain beltzak, egin kasu.
Izaskun Elortegi Kaiero, BOMSeko kudeaketa klinikoko unitateburua.