Lmentala: 114. zk.-2025eko abendua/nº 114-Dic 2025
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
SAREA GARA

Eguberri on

Zer esan bururatzen ez zaigunean, esaldi topikoak eta oso erabiliez gain, beti egoten dira jende azkarragoen esaldiak.

Einsteinek zioen, "gizakia unibertsoa deritzogun osotasunaren zati bat da... Gabonak, bere bake eta borondate oneko mezuekin, urtero gogorarazten digu garai ilunetan ere elkarrekin pertsona hobeagoak izatea aukera dezakegula ".

Carl Saganek, Cosmoseko pasarte batean, honen antzeko zerbait esaten zuen: "Gabonak, solstizioa, Hanukkah-a, Diwali-a... gauza bera esateko modu desberdinak dira: gaurik luzeenean ere, argia itzultzen dela". 1996ko elkarrizketa batean (hil baino hilabete batzuk lehenago) honakoa gehitu zuen: "Gabonak gustatzen zaizkit. Ez arrazoi erlijiosoengatik, baizik eta giza espezieak, oro har, ohikoa baino atseginagoa izatea erabakitzen duen aldi bakanetako bat delako. Eta hori ospatu beharreko miraria da ". Niels Bohr-ek honela zioen: "Fisikariok festa bat asmatu izan bagenu osagarritasuna ospatzeko, ez genukeen Gabonak baino gauza hoberik asmatuko: arrazionala eta magikoa, helduena eta haurrena, eguzki egutegiaren zehaztasuna eta ezusteko opari baten sorpresa biltzen ditu". Chesterton, Einstein, Sagan edo Bohr ez bezala, fededuna zen. "Eguberri Zoriontsuak diogunean dirudiena baino gauza iraultzaileagoa esaten ari gara: haur batek mundu osoa aldatu zuela baieztatzen ari gara, itxaropena ukuilu batean jaio zela eta poza zinismoa baino indartsuagoa dela."
Beraz, gure haurtzaroko Gabonen oroitzapenarekin, eta horietan gurekin ez daudenek sortzen diguten nostalgiarekin, izan dezagun inozentzia, itxaropena eta bakea besteekiko... baita geure buruarekiko ere...

Eguberri on. Zorionak.

Osakidetzako Osasun Mentaleko hiru Sareen Jardunaldia

Urriaren 9an, Osasun Mentalaren Mundu Egunaren bezperan, 300 pertsona inguruk parte hartu genuen Sareok antolatutako Jardunaldian. Bertan izan ginen Osakidetzako hiru Osasun Mentaleko Sareetako profesionalek eta senideen elkarteetako ordezkariek. "3 sare, gizarte bat, 15 urte Osasun Mental Komunitarioan lanean" izenburupeko jarduera honi esker aukera izan genuen gure esperientziak partekatzeko.

Jardunaldia 9:00etan hasi zen Jose Juan Uriartek, BOMSeko kudeaketa klinikoko unitateburuak eman zuen hitzaldi mamitsuarekin.

9:30ean 1. mahaiari ekin zitzaion, eta, bertan, lehen mailako arretarekin koordinatzearen erronkak eta aukerak jorratu ziren. 15 urteko koordinazio-esperientziak, osasun mentalera bideratzeko irizpideen zeregina eta adikzioei arreta emateko zentroekiko harremana azaldu ziren. Ondoren, 2. mahaia izan genuen, "Osasun fisikoaren zaintza osasun mentalaren zati gisa" zeritzona. Horretan, osasun fisikoan jarduteko protokoloei eta osasun mentaleko sareetan garatutako programa espezifikoei buruzko hainbat hitzaldi entzun ahal izan genituen. 3. mahaiak komunitatetik eta komunitatera bideratutako prebentzio-programetan jarri zuen arreta. Adituek hainbat ekimen aurkeztu zituzten, hala nola, suizidioaren prebentzioan prestakuntza emateko BIZI programa, institutuetan kanabisari eta psikosiari buruzko esku-hartze programa bat, eta adikzioei era komunitarioan heltzeko esperientziak, genero-ikuspegiarekin. Goizeko blokea 4. mahaiarekin amaitu zen. Bertan, gure sareek osasun mentalaren inguruan egiten duten ikerketari eta Euskadiko ikerketa-institutuetan duten parte-hartzeari buruz hitz egin zen. Hitzaldi horretan, Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako lan-ildo nagusiak ezagutarazi ziren.

Arratsaldeko blokeak sektore soziosanitarioarekiko eta gizarte-egiturarekiko lankidetza izan zuen ardatz. 5. mahaia espazio soziosanitarioarekin koordinatzeko programei buruzkoa izan zen, eta aurkeztu ziren esperientziak desgaitasunaren, buru-nahasmendu larria duten pertsonen laneratzearen eta espetxeetako arretaren ingurukoak izan ziren. 6. mahaiak eman zion amaiera jardunaldiari. Mahai horrek, "Gizartea eta osasun mentala" izenburupean, pazienteen eta senideen elkarteak, elkarri laguntzeko programak, ibilbide luzeko sareetako lankidetza-proiektuak eta gazteentzako gune berria izan zituen hizlari.

Eskerrik asko denoi jardunaldi hau posible egiteagatik!

Argazki bilduma

Osasun Mentalaren Munduko Eguna BOMSen

Osasun mentalaren eguna dela eta, joan den urriaren 10ean, hainbat ekitalditan parte hartu zuten BOMSeko pazienteek. Lmentalera biren berri iritsi zaigu:

Bata, Zaldibarko Ospitalean antolatutakoa. Ospitalizatutako pertsonek eta profesionalek parte hartu zuten, eta Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkatea gonbidatu zuten. Ospitaleko terapia okupazionalean egindako opari bat jaso zuen.
Beatriz Rodríguez psikiatrak aurkeztu zuen ekitaldia, eta pazienteek aldez aurretik egindako kartel batean utzitako mezuak irakurri zituzten. Mezu horiek osasun mentalaren inguruko sentimendua adierazten zuten, terapeuta okupazionalaren laguntzarekin.
Ondoren, "El circo de la mariposa" film laburra ikusi zuten, eta, horren ostean, paziente batek aukeratutako kanta bat abestu zuten. Jardunaldiari amaiera emateko, "herri-bazkaria" egin zen, aurretik aukeratutako musika eta guzti.
Bertaratutako guztien artean adiskidetasun giroa sortu zen, eta hurrengo urterako hainbat proposamen entzun ziren: "Datorren urtean parkean jai handiago bat" “Agertokia ekarri dezakegu”, "Mus txapelketa bat hobe".

Eta beste ekitaldia izan zen, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko hamar bat pazientek Bilboko BBK aretora egindako bisita. Thinking Football Film Festivalera joan ziren, Athletic Fundazioak BBK Aretoarekin batera antolatutako zinema eta futbol jaialdiaren jarduera-programara.
Durangoko Eguneko Ospitaleko paziente bati, Mikel Letxeri, buruzko erreportaje bat eman zen, beheko estekan ikus daitekeena.
Gainera, Ronnie Sandahlek zuzendutako 2020ko "Tigrar" filmaren emanaldi berezia ikusi ahal izan zuten, Martin Bengtssonen autobiografian oinarritua. Filmak Milango Interrean egon zen futbolari suediar gazte eta miragarriaren istorioa kontatzen du, eta gaixotasun mentalak kirol munduan dituen ondorioak aztertzen ditu.

Saioa amaitzeko solasaldi bat izan zen Athleticeko bi jokalari ohirekin: Ander Murillo eta Joseba Garmendia.


Auroa Oña Garcia, Zaldibarko Ospitaleko erizaintzako ondokoa eta Ainara Berasaluze Martinez, Durangoko eguneko Ospitaleko gizarte-langilea

Erlazionaturiko Loturak

  1. Elkarrizketa

Argazki bilduma

"Elkarrekin Ikasten" BOMSeko XI. Prestakuntza Jardunaldia

Pasa den azaroaren 13an, BOMSeko "Elkarrekin Ikasten" XI. Prestakuntza Jardunaldia izan zen. 200 lagun baino gehiago bertaratu ziren.

Jardunaldiari hasiera emateko, hamar edizioetako une nabarmenak jasotzen zituen bideo bat jarri zen, hamar urtetan hizlari, moderatzaile, antolatzaile eta parte-hartzaile gisa parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak emateko.

XI. jardunaldi honetan, beti bezala, gaiak askotarikoak izan ziren, eta bat etorri ziren haren filosofiarekin, izan ere helburua diziplina desberdinetako pertsonak elkartzea da, beren esperientziak partekatzeko.
Lehen mahaian zeharkako gaiez hitz egin zen, hala nola Sarearen hizkuntza-paisaia zaintzearen garrantziaz, eutanasiaren legearen garapenaren inguruko ekintzez, BOMSen iraunkortasunaren aldeko ekimenez eta ongizate digitalean hezteko gomendioez.
Bigarren mahaian gai asistentzialak jorratu ziren: pazientearen segurtasuna, Sareko psikologoek TIEP (euskaraz azalduta, nortasunaren ezegonkortasun emozionalak eragindako nahasmendua) duten pertsonen senideekin egin duten esperientzia pilotua eta, azkenik, TAK (tratamendu asertibo komunitarioa) taldeetan egiten den lana.

Ohikoa den bezala, jardunaldia amaitzeko, 2025ean BOMSeko aintzatespen-planean jasotako irizpideei jarraiki proposatu diren pertsonak aintzatesteko ekitaldia egin zen. Aurten hiru arlo berri gehitu zaizkio planari: euskararen erabilera, berrikuntzako lana eta ikerkuntzarako ekarpena.

Beti bezala topaketa aberasgarria izan zen eta elkar ezagutzeko gunea lanean jarraitzeko Sarean. Aurkezpenak beheko estekan dituzue.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Aurkezpenak

Argazki bilduma

Haur eta nerabeen osasun mentalari buruzko II. jardunaldiak

2026ko urtarrilaren 29an eta 30ean, Haur eta Nerabeen Osasun Mentalari buruzko II. Jardunaldiak ospatuko dira, Gasteizko Europa Kongresu Jauregian, "Haur eta nerabeen ondoezaren lengoaiak osasun mentalean" izenburupean. Jardunaldiok Arabako Osasun Mentaleko Sareak antolatu ditu Gipuzkoako Osasun Mentalarekin eta Bizkaiko Osasun Mentalarekin lankidetzan.

Gogoeta egiteko eta partekatzeko topaketa izango da. Giza portaeraren eta garapenaren alderdiak eta "lengoaia" desberdinen alderdiak ezagutzeko aukera egongo da, hala nola haurren, nerabeen eta zailtasunak dituzten familien adierazpen- eta komunikazio-moduak, gure gizarte-testuinguru garaikidean aniztasuna modu egokiagoan ulertu eta lagundu ahal izateko.

Izen ematea Jakinsarearen bidez izango da.
Izena emateko epea: azaroak 25 – urtarrilak 7

Programa beheko estekan

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Programa (cas)
  2. Programa (eus)

Zein da pazienteen iritzia gure eguneko ospitaleetako arretari buruz?

Eguneko ospitaleko arretaren ebaluazioaren barruan, bi urtean behin pazienteen iritzia jasotzen da, IEXPAC eskalaren eta antolaketa-giroari buruzko galdetegi baten bidez. Lehenengo tresnak jasotako arretaren esperientzia ebaluatzen du (pertsonen bizimoduarekiko errespetuari, profesionalen eta zerbitzuen arteko koordinazioari, pertsonak bere prozesu terapeutikoan duen parte-hartzeari, baliabide soziosanitarioei buruzko informazioari eta abarri buruzko itemak barne hartzen ditu), eta bigarrenak, berriz, errekuperazioa eta erresilientzia sustatzen duten faktoreak ebaluatzen ditu (jasotako laguntza, lotura egokiei eusteko laguntza, eskainitako alternatibak eta aukerak eta abar barne hartzen ditu).

Duela gutxi, 2025eko lehen seihilekoan egindako ebaluazioaren emaitzak aztertu dira. Ebaluazio hori, beste batzuetan bezala, zentroetan bertan egin zen. 233 pazientek (% 61 gizon eta % 37 emakume) bete zuten IEXPAC eskala, eta 225ek (% 62,02 gizon eta % 37,94 emakume) antolaketa-giroari buruzko galdetegia.

Ebaluazio horren emaitzen arabera, eguneko ospitaleetako taldeek erabakiko dute zentro bakoitzean egin ohi dituzten jarduerak mantendu, aldatu edo ezabatu behar dituzten, artatzen dituzten pertsonen beharretara egokitzeko.

Beheko loturan dituzue ebaluazioaren emaitzak.

BPSO programa hedatzeko taldea

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. IEXPAC emaitzak
  2. Giro emaitzak

Zaldibarko terapia okupazionala: Goazen hondartzara!

"Ilusionatuta nago. Terapiara etortzeak ondo sentiarazten nau txangoak egiten ditugunean","Terapia, niretzat, egin dezakedan zerbaitetan arreta jartzea da, eta zerbait positibo bihurtzea","Niretzat terapiak ohitura txarretatik aldentzea esan nahi du","Niretzat terapia okupazionala zera da: neure buruarekin ondo sentitzea","Guztiekin harreman hobea izaten laguntzen dit. Nire kezketatik libratzen nau eta adimena argitzen dit","Ibiltzera joaten garenean gustatzen zait, erlaxazioa eta lasaitasuna ematen dizkidalako, "Asko gustatu zait hainbeste urteren ondoren itsasertzetik paseatzea".

Zaldibarko Ospitalean antolatutako terapia okupazionaleko jardueretan parte hartu duten pertsonen testigantzak dira.

Baina, zer jarduera antolatu dituzte hain emaitza onak lortzeko?

Informazio gehiago beheko estekan.


Claudia Abasolo Rueda, Zaldibarko Ospitaleko terapeuta okupazionala

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Terapia Okupazionala

Argazki bilduma

EUSLE dinamika BOMSen

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak langileen artean euskararen erabilera sustatzeko, EUSLE dinamika bultzatu du urrian. Helburua argia izan da: euskara lan-hizkuntza ere izatea.

Dinamika hau martxan jartzeko, lehenik eta behin baldintza egokiak betetzen zituzten taldeak identifikatu zituzten euskara teknikariek, eta horretarako Euskaraldiaren datuak bilaitu zituzten.

Prozedurari jarraituz, Gasteizko Euskara Zerbitzu Korporatiboari helarazi zitzaizkion proposamenak, haiek baitira prozeduraren jarraipena eta ebaluazioa egiten dutenak.

Urriaren 2an bildu ziren informazioa emateko eta hasiera eman zitzaion dinamikari 5 taldetan:

• Lau BIKO EUSLE: lau astez garatu zuten dinamika egoitzako Informatika sailean, Prestakuntzan, arlo ekonomikoan eta Berrikuntzan.
• EUSLE talde bat: urriaren 20an hasi zuten dinamika Otxarkoagako OMZn, baina bi aste pasatu eta gero bertan behera uzteko erabakia hartu zuten.

Emaitzei dagokienez, talde guztietan aurrera egin dela esan behar da. Ondo bete dute egitekoa eta hasieran beti edo ia beti gaztelania erabiltzen bazen ere, azken neurketan bi hizkuntzetan berdin edo ia beti euskaraz mintzatu direla ikusi da.

Lau taldeekin balorazio-bilera egin zen eta, besteak beste, hauek aipatu zituzten:

• Dinamika oso egokia da hizkuntza ohiturak aldatzeko.
• Lanari lotutako egoera zehatz batzuetan gaztelaniara jo duten arren, orokorrean euskara lehen baino gehiago erabiltzen saiatu dira.
• Ez zaie parte hartzea kostatu. Oro har, dinamikan eroso eta gustura jardun dute.
• Erabilitako baliabideak egokiak iruditu zaizkie.
• Zailtasunak: bulegoan lankide erdaldun bat egotea, EUSLE bikotea euskaldun zaharra izatea, euskaraz azalpen luzeak eman behar direnean gaztelaniarako joera.

Beheko estekan daude emaitzen grafikoak. Pendiente dago oraindik dinamika amaitu eta hilabetera egiten den neurketa.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. EUSLE emaitzen grafikoak

"Irudiaren bidez espazioak okupatu"

"Irudiaren bidez espazioak okupatu" proiektua 2024an sortu zen gure erakundeko Terapia Okupazionaleko taldeen eskutik.

Sormen-ekimen gisa sortu zen, eta argazkilaritza adierazpen, inklusio eta eraldaketa tresna gisa erabiltzen da.

Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, aurten esperientzia errepikatu dugu proposamen berriekin: emozioak ardatz dituen argazki-lehiaketa antolatu dugu, egutegi solidarioak sortu eta komunitateari irekitako erakusketa bat prestu dugu. Helburua berbera da: gure erakundeko hainbat zentrok elkarrekin egindako lana ikusaraztea, osasun mentala ikusaraztea eta parte-hartzaileei ahotsa ematea.

Proiektu honi buruzko informazio gehiago beheko estekan duzue.


Janire Ibarrondo Becerril, Goizeder Lizarralde Múgica, Joana Losada Otero,Joana Cenitagoya Prol, Laura Rodriguez Rodriguez eta Andrea Rodriguez Paris

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Irudiaren bidez espazioak okupatu

"Kalabazaren Eguna" osasun mentala hobetzeko

Gaur egun hestearen eta garunaren arteko konexioaren ebidentzia dago, "heste-garun ardatz" bezala ezagutzen den konexio honek lotura zuzena du zenbait gaitz psikikoren garapenarekin.

Horregatik, elikadura osasungarria, beste faktore batzuekin batera, funtsezkoa da Osasun Mentaleko Sareko pazienteen ongizaterako. Besteak beste, gogo-aldarte egonkorragoa lortzen laguntzen du, bai eta energia fisiko zein mental handiagoa izaten ere.

Harreman onuragarri horretan oinarrituta, eta jakina, pazientea gure estrategia guztien erdigunean jarriz, Zaldibarko Ospitaleko Sukalde eta Nutrizio Zerbitzuak proiektu bat abiarazi zuen 2025eko urtarrilean, nutrizioak eta osasun mentalak eskutik helduta egin dezaten aurrera.

Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, klikatu beheko estekan.

Miren Maortua – Zaldibarko Ospitaleko sukaldeko arduraduna
Cristina Rodriguez- Zaldibarko Ospitaleko zerbitzu orokorretako arduraduna
Nekane Martinez – Zaldibarko Ospitaleko nutrizionista

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Zaldibarko menuak

Jon García gure lankideak saria jaso du Espainiako Psikiatria eta Osasun Mentaleko Elkartearen XXVIII. Kongresu Nazionalean

Jon García gure lankideak, BOMSeko Zamudioko Ospitaleko psikiatrak, ikerketa klinikoko poster onenaren saria jaso du Espainiako Psikiatria eta Osasun Mentaleko Elkartearen XXVIII. Kongresu Nazionalaren esparruan. Zaragozan egin zen, azaroaren 6tik 8ra, eta posterraren gaia "Min mentala eta suizidio-saiakerak 12 urteko haurrengan" izan zen.

ZIUR izeneko programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau ikasturteetan, haurren eta nerabeen jokabide suizidaren prebentzioan eraginkorrak diren trebetasunak eta gaitasunak entrenatzen ditu. Eraginkortasun hori ebidentziak erakutsi du. 2023-2024 ikasturtean, lehen modulua (DBHko 1. maila) egin zen EAEko 13 ikastetxetan. Gaur egun, lehen kohortea hirugarren modulua egiten ari da (DBHko 3. maila), eta 100 bat ikastetxe atxiki zaizkio ekimenari (2025-2026 ikasturtean 100 ikastetxe hasiko dira lehenengo moduluarekin).

2023-2024 ikasturteko lehen 657 ikasleen emaitzak ahozko komunikazio batean aurkeztu ziren SEPSMren XXVII. Kongresu Nazionalean, Zaragozan, eta ex aequo lortu zuten Ikerketa Klinikoko lehen saria.


Zorionak, Jon!

Erlazionaturiko Loturak

  1. Artikulua

Elkarrizketa Oscar Martinez eta Luis Pachecori. Espainiako Neuropsikiatria Elkartearen XXIX. Mendeurreneko Biltzarra

Gogoratuko duzuenez, joan den ekainaren 5ean eta 7an Espainiako Neuropsikiatria Elkartearen XXIX. Mendeurreneko Kongresua ospatu zen Bilbon eta, gure lankide erretiratuei, Oscar Martínez Azumendi eta Luis Pachecori, egindako elkarrizketa argitaratu genuen Lmentaleko urriko alean. Bada, akats baten ondorioz (ez dugu erruduna aurkitu), elkarrizketak Luisen erantzunak baino ez zituen, eta Oscarrenak airean geratu ziren. Beraz, berriro errepikatuko dugu elkarrizketa, oraingoan osorik.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa

Nartzisistak, zergatik jarri dira modan?

Azaroaren 14an, Eva Garnica eta Pablo Malo psikiatrek nartzisisten inguruan hitz egin zuten "La mecánica del caracol" Radio Euskadiko saioan, Eva Caballerok aurkeztuta. Zergatik jarri dira modan? Benetako nartzisismoa al da sare sozialetan hitz egiten den guztia? Nola bereizten dira nartzisista bat eta psikopata bat? Honi buruz eta beste hainbat gauzari buruz entzuteko, egin klik beheko estekan.

Eva Garnica De Cos, psikiatra eta BOMSeko irakaskuntza-unitateko arduraduna

Erlazionaturiko Loturak

  1. Podcast

Georg Cantor eta Infinituaren Misterioa

Georg Cantor ez da beste matematikari ospetsu batzuk bezain ezaguna, legoentzat behintzat, matematikari eta fisikari mediatikoagoetara ohituagoak, hala nola Einstein, Bohr, Russell edo Heisenberg. Baina bere ekarpen matematiko nagusia oso garrantzitsua izateaz gain, liluragarria ere bada, nahiz eta kontraintuitiboa ere izan daitekeen, eta, niretzat behintzat, guztiz ulertzeko zaila. Hala ere, merezi du. Gerog, jenio bat izateaz gain, psikologikoki oso ezegonkorra zen, eta ziurrenik, gaixotasun mental bat zuen. Bizitzan zehar hainbat krisi pairatu zituen, afektiboak ziurrenik, eta gertakari maniakoak eta depresiboak izan zituen. 1899tik aurrera, ama eta seme gazteena hil ondoren, ospitaleratze psikiatrikoak errepikatu egin ziren, delirio paranoide eta mistiko-erlijiosoekin. 1918an hil zen, 72 urterekin, Saaleko (Alemania) Nervenklinik der Universität Hallen (gaur egun Universitätsklinikum Halle). Sarreran plaka bat dago, esaldi honekin:
«Hemen hil zen 1918-I-6 Georg Cantor, infinituen sortzailea, 1884tik etxe honetako pazientea»

Aczel, A. D. (2006). Infinituaren misterioa: Aleph-aren bilaketa Zenonetik Gödeleraino. Kritika.


Jose Juan Uriarte

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Georg Cantor eta Infinituaren Misterioa

Los combates cotidianos

Blast bezala (aurreko Lmentaleko komikia), Los Combates Cotidianos Manu Larcenetek idatzitako eleberri grafikoa da. Komiki honek ere 4 atal ditu, eta Norma Editorialek 2018an gaztelaniaz argitaratutako edizio integral batean bildu zituen atalak. Blasten antzekotasunekin jarraituz, Los Combates Cotidianos maisulantzat hartzen da eta ospe handiko sariak jaso ditu (bere lehen argitalpenak Angulemako komikiaren aretoko saria irabazi zuen 2004an).

Erreseina osorik behean duzue


Juan Medrano Albeniz

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Erreseina

Rock "eskizofrenikoa"

Oso ohikoa da "eskizofrenia" edo "eskizofreniko" hitzak beren benetako esanahiarekin zerikusi gutxi duten adieretan erabiltzea. Eroaren sinonimo gisa erabili izan da, baina baita jokabideak, ideiak eta jarrerak deskribatzeko ere, jatorri etimologikotik oso urrun.

Zer gertatzen da rockarekin? Zein da arrazoia? Zer transmititu, deskribatu edo ilustratu nahi da eskizofrenia eta/edo eskizofreniko hitza erabiltzen denean album edo abesti baten izenburuan eta/edo letran? Hemen horretaz hitz egingo dugu…


Jose Juan Uriarte

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Rocka eta eskizofrenia

114.zenbaki honetan laguntzaile hauek izan ditugu

Juan Medrano Albeniz, Eva Garnica De Cos, BPSOko zabalkunde taldea, Ainara Berasaluze Martinez, Aurora Oña Garcia, Miren Maortua, Cristina Rodriguez Varona, Nekane Martinez, Claudia Abasolo Rueda, Janire Ibarrondo Becerril, Goizeder Lizarralde Múgica, Joana Losada Otero,Joana Cenitagoya Prol, Laura Rodriguez Rodriguez eta Andrea Rodriguez Paris
LOTURAK