Osagaiak (6 pertsonarentzat): Perrexila, berakatzak, kipulak, patatak, oliba olioa, gatza, 3 txitxarro eta sagar-ozpina.
Lehenengo eta behin arrandegira joan behar dugu. Zorionez, Durangoko alde zaharrean, eguneko ospitaletik hurbil, herriko arrandegirik onenetarikoa dugu; egunen batean bertako mostradorea erakutsiko dizuegu, “jan nazazu ” esaten duten arrainez betetakoa. Arrandegian hiru txitxarro aukeratu genituen eta saltzaileari esan genion laberako prestatzeko, hau da, zabalik eta tripa barik.
Prestatzeko modua: garbitu kontuz txitxarroak, berakatza eta perrexila ondo txikitu, patatak zuritu eta panadera eran zatitu eta kipula ilargierdi itxuran. Gero erretilua koipeztatu oliba olioarekin eta labea 180 gradutan jarri. Labea bero dagonean, aurretik patatak eta kipula jarri, gatz apur bat bota eta labean sartu. Patata bigun dagoenean, txitxarroak jarri perrexila, berakatza eta gatzarekin.
25 edo 30 minutu gutxi gorabehera pasatutakoan, olioarekin eta ozpinarekin nahaste bat prestatu eta sardexkarekin ondo irabiatuz saltsa gogortu arte. Saltsa erretilura bota eta 10 minutuan prest dago jateko.
Zoritxarrez arazoak izan ditugu eskuko telefonoaz egin genituen argazkiak berreskuratzeko, beraz, sinistu egin beharko diguzue ezin gozoago zeudela.
Durangoko eguneko ospitalea
María Teresa Rodríguez ( UED)
Araceli Caballero (erizaintzako laguntzailea)
Maite García (erizaintzako laguntzailea)
Eneko Gutiérrez (Terapeuta Okupazionala)