Lmentala 30. zk. / nº 30 - 2015eko apirila/abril 2015
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Osasun sailburuak Bilboko Eskualdeko Haur eta Nerabeen OMZren instalazio berriak bisitatu ditu

Prentsa oharra:

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriarekin batera, Bilboko eskualdeko ume eta nerabeentzako osasun mentaleko zentroaren instalazio berriak bisitatu ditu gaur (Bizkaiko Osasun Mentalaren sareko zentroa da) haren hogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunen barruan. Eraikin handia eta modernoa da, Bilboko Nicolás Alkorta kaleko 2 zenbakian dagoena, astelehenetik –martxoak 16– Ercilla kalekoa ordezten baitu.

Bilboko eskualdeko ume eta nerabeentzako osasun mentaleko zentroa 1985ean sortu zen, psikiatra, psikologo eta gizarte-langile banak osatutako lantaldearekin; gaur egun 5 psikiatrak, 4 psikologok, gizarte-langile batek eta administrazioko langile batek lan egiten dute han. Zentroak sarea osatzen du Bizkaiko ume eta nerabeentzako beste hiru eskualde-zentrorekin batera. Lau zentro horiek zerbitzu osoa ematen diete 160.529 ume eta neraberi baino gehiagori, eta horietatik 43.500 Bilbo, Enkarterri eta Mena haranaren eragin-eremukoak dira. Haren estalduraren barruan lehen mailako 32 zentro, 192 familia-mediku eta 41 pediatra sartzen dira. Horiei haurrentzako Errekaldeko modulu psikosoziala gehitu behar diegu; 0 eta 18 urte arteko ia 12.000 pertsonari ematen die zerbitzua azken horrek Errekalde, Basurto, Altamira eta Zorrotza aldeetan.

Bilboko eskualdeko ume eta nerabeentzako Osasun Mentaleko Zentroak programa hauek ditu gaur egun: Ume-gazteentzako psikiatria orokorreko programa bat; Nahasmendu Mental Larriak Lehen Haurtzaroan (0-6 urte) tratatzeko programa bat eta Adin Txikikoak izeneko beste bat Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ongizate Saileko Haur Zerbitzuetan harrera-egoeran dauden ume eta nerabeei arreta emateko.

Zentro horren arretaren barruan hiru esku-hartze maila daude: ume edo nerabeari dagokiona, familiara bideratua eta kasuaren hezkuntzako ingurune soziosanitarioan jarduten duena.

Datozen urteei begira honako lan-lerro hauek jorratu nahi ditugu: batetik, psikoterapia bultzatzea eta, bestetik, esku-hartze goiztiarrak areagotzea umeen eta nerabeen osasun mentala sustatzeko eta prebenitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, bisitaren ostean, hauxe adierazi du: «instalazio berriek, handi, eroso eta argitsuagoek, adingabeei eta familiei laguntza hobea ematea ez ezik, Osakidetzako profesionalen lan-baldintzak hobetzea ere ahalbidetuko dute». Halaber, zentroko langile guztiei inplikazioa eta jardun egokia eskertu, eta 30 urteotan egindako lanagatik zorionak eman dizkie.

Ostebaren azken txostena: buruko nahasmen larriak haurtzaroan

Adore eman nahi dizuegu txosten hau irakurtzeko, baldin eta interesa baduzue haurren eta nerabeen osasun mentaleko egoera ezagutzeko estatu espainiarrean. BOMSeko lankide profesionalek egin dute.

Txostenaren ardatza da garapenaren nahasmen larrien asistentzia-egoera (buruko nahasmen larria haurrengan), eta barne hartzen ditu garapenaren erabateko nahasmenak -edo espektro autistarena deritzona- eta nahasmen afektibo larriak.

Giden eta osasun planen bibliografia eguneratu ondoren eta, profesional kopuru adierazgarri bati inkesta zabal bat egin eta gero, egiaztatu da asistentzia-baliabideak, nahikoak ez izateaz gain, ez direla berdin banatzen erkidego autonomo guztietan.

Buruko nahasmen larriak ez daude oso zabalduta; baina, kronikoak eta mugatzaileak suertatzen dira, umeentzat eta nerabeentzat ez ezik, euren familientzat ere. Eta eskatzen dute – osasun arloko erakunde nazionalen eta nazioarteko erakundeen aholkuei jarraitzen badiegu- arreta handia eta etengabea: eta hori, ezinbestean, sistema publikoaren ardura izaten da beti. Beharrezkoa da diziplina anitzetatik heltzea era koordinatuan (sanitarioa, hezkuntza arlokoa, soziala), eta hobe da lehenbailehen hastea.

Txostenean asistentzia eremuko beste esperientzia batzuk ere aztertu dira, eta kalitate onekoak dira inondik ere, emaitzei begiratuz gero; gainera, eredu gisa balia litezke beste zenbait lekutan garatzeko. Baliabideei dagokienez, gure erkidegoa zorionekoenen artean dagoen arren (azken urteotan nabarmen hobetu dira), indar egin behar da oraindik baliabide horiei ahal denik eta etekinik handiena ateratzeko, eta halaber, nazioarteko erakundeen gutxieneko gomendioak betetzeko.

Helburua da, azken finean, nahasmenik larrienak pairatzen dituzten pazienteen eta euren familien eskubideak errespetatzea, eta horiei guztiei lehentasuna ematea tratamenduak jasotzeko orduan, bizimodua hobetu behar dutelako arlo guztietan (emozionala, soziala eta eskolakoa), bai oraintxe bertan, bai etorkizuneko bizitzari begira.

Fernando González Serrano

Erlazionaturiko Loturak

  1. Ostebaren txostena

Osakidetza Korrikan

Martxoaren 24an Korrika Algortatik igaro zen, eta kilometro horretan (1246B) batu zitzaizkion Osakidetzako langileak. Giro alaian korrika bizian ibili ziren batzuk, eta korrika txikian besteak, baina guztiok pozik euskararen alde, Korrikaren 19. edizio honetan.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren harira, Osakidetzak aurten Korrikaren kilometro batzuk erosi ditu eta horrekin langileon parte-hartzea bultzatu nahi izan du, gure asistentzia kalitatea hobetzeko konpromisoarekin bat egin nahian. Getxoren kasuan, Maria Etxebeste Uribeko Osasun Mentaleko arduraduna ere bertaratu zen, parte-hartzea sustatzeko asmoz.

Euriak bere ekarpena egin zuen korrikalariak euskaraz blai zitezen, berriro ere, gure hizkuntzaren alde.

Osakidetza euskaldun!

J.D.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Korrikan korrika

Argazki bilduma

EX CATHEDRA

Paziente Kronikoaren Arreta Sanitarioaren VII. Biltzar Nazionala

Aurten ere BOMSek parte-hartze aktiboa izan du Paziente Kronikoaren Arreta Sanitarioaren Biltzarrean. Martxoaren 5etik 7ra Valladoliden egin den biltzarrean bi lan aurkeztu ziren (ikusgai daude beheko argazki-bilduman):

• Ahozko komunikazioa: ¿Está la salud mental preparada para atender la cronicidad?
• Posterra: Evolución hacia un modelo de atención comunitaria en salud mental

Mahai inguru bat osatu zen, buruko nahasmen kroniko larria duen pertsonaren arreta integratuari buruzkoa, eta parte hartu zuten zenbait erkidegoko profesionalek. Euren esperientziak ekarri zituzten errekuperazioaren eta parte-hartze komunitarioaren inguruan. Horien laburpen grafikoa kontsulta daiteke beheko argazkietan.

Gainera, martxoaren 6an, aldi berean egin zen Paziente Aktiboaren II. Biltzar Nazionala. Mahietako batean, emakumezko gaixo mental batek azaldu zuen nola bizi zuen prozesua “herritar izatera heldu” arte. (Horren laburpen grafikoa jasota dago argazki bilduman).

M.L.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Ahozko komunikazioa
  2. Posterra
  3. Osasun mentaleko mahaia: laburpen grafikoa
  4. Paziente aktiboa: laburpen grafikoa

Argazki bilduma

Bizkaiko Osasun Mentaleko egoiliarren XVIII. jardunaldia: Gogoetak histeriari buruz

Joan den otsailaren 26an Bizkaiko Osasun Mentaleko egoiliarren XVIII. Jardunalida egin zen Galdakao-Usansolo ospitaleko areto nagusian.Beste behin ere, urtero bezala, elkartu ziren psikiatriako, psikologia klinikoko eta erizaintzako egoiliar guztiak, oraingo honetan histeriari buruz mintzatzeko.

Edurne Aristegui Ruesga alboko psikiatra eta Galdako-Usansolo Ospitaleko egoiliarren tutoreak aurkeztu zuen jardunaldia. Gero, Xabier Pérez de Mendiolak, BAME 4 ospitale berean, txosten bat aurkeztu zuen. Horretan histeriari buruzko ibilbidea egin zuen historian zehar.

Jose Mª García Rejidorrek eta Julia Rodríguezek ordezkatu zuen gure prestakuntza unitatea. Hurrenez hurren, psikologia klinikoko eta psikiatriako 4. urteko egoiliarrak dira. Juliak txosten bat aurkeztu zuen izenburu honekin: “La histeria como diagnóstico invisible en la actualidad”.

Kafearen atsedenaldia hartu eta gero aurreikusitako egitarauarekin jarraitu genuen. Huraxe izan zen txanda Gurutzetako eta Basurtuko unibertsitate ospitaleetako egoiliarrentzat. Lehendabizi Aníbal Arrillaga, Gurutzetako BAME 4, mintzatu zen histeriaren klinikaren eta diagnostikoaren alderdi batzuei buruz, eta zehatzago esanda, praktika klinikoan erabiltzen den diagnostiko-sailkapenaren gainean eta azken urteotan gertatzen ari diren aldaketez, patologia horri lotutakoak.

Bukatzeko, Gerardo Priego, BAME 4, eta Verónica Pousa BAPE 4, Histeriaren tratamenduari buruz aritu ziren txosten honetan: “Tratamiento de la histeria: todo lo viejo es nuevo de nuevo”. Horretan bildu zituzten histeriari heltzeko izan diren ikusmolde nagusiak, psikoterapiaren zein farmakologiaren esparruan, indar eginda balio enpiriko handiagoa dutenetan.

Jose Andrés Martín Zurimendik, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Psikiatriako zerbitzuburuak, amaiera eman zion jardunaldiari gaiari lotutako txosten dinamiko baten bitartez eta, jardunaldia bukaturik, bazkaria egin zen ohi bezala; oraingo honetan Galdakaoko Andra Mari Jatetxean.

Arestian esan bezala, Bizkaiko Osasun Mentaleko egoiliarrei esleitu zitzaien “Histeria gaurko egunean” izeneko gaia. Eta zaila den arren, Josek eta Juliak ederto heldu zioten. Horregatik ez dugu abagune hau galdu nahi, zuekin guztiokin partekatzeko. Irakurtzen goza dezazuen espero dugu eta, besterik gabe, egileak zoriondu nahi ditugu, berriro ere, egindako lan bikainagatik. Bejondeizuela lankideok!

Laura Narro

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Histeria

Sintomatologia obsesibo-konpultsiboa eskizofrenian

Ez da batere berria sintomatologia obsesibo-konpultsiboaren eta eskizofreniaren arteko lotura. Neurosi obsesiboan batzuek ikusi zuten saiakera zurrun bat psikosiaren aurkako defentsa egituratzeko; beste alde batetik, badaude neuroanatomian egindako ikerketa sofistikatu batzuk ere. Baina, klinikaren esparruan nahikotxo dira sintomatologia biak uztartzen diren kasuak.

Oraindik orain gure lankide Aiala Gatónek azterketa zehatz bat aurkeztu du gai horren gainean, Basauriko saio klinikoen testuinguruan. Eta horren interesgarria izanik, Lmentalatik eskatu diogu guztiokin partekatzea.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Sintomatologia obsesibo-konpultsiboa eskizofrenian
TXOKO-BOMS

Ekarrizketa Rakel Naterari

Hil honetan, elkarrizketaren bitartez, kirol diziplina bat ezagutu ahal izango dugu, ezezaguna askorentzat: Kick Boxing (japonieraz: キックボクシング). BOMSen zorioneko gaude, zeren gure artean baitugu kirol horretako profesionala eta Espainiako txapelduna izan zena duela urte batzuk.

Rakelek azaldu digu, bere ibilbidea oinarri hartuta, Kick Boxing zertan datzan eta kirol horrek nolako eragina izan duen harengan.

E.G.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa Rakel Naterari
  2. EGIN (elkarrizketa)
PERISKOPIOA

Sarean harrapatuta. Pastillas las justas

Internet tresna aparta izatera heldu da munduko edozein bazterretako informazioaren eta ezagutzaren berri oso azkar izateko.

Edukia egunero ugaritzearekin batera, zabalegia egiten ari da osorik hartzeko. Baina, ihesari eman gabe, sarerik handienaren itxurazko anabasa ikusita, sortu ahal dira ikasteko esparruak norberaren inguruan. Tresna erabilerrazak baliatuz eta sare sozialak era egokian erabiliz (Twitter, Facebook, Linkedin, eta abar.), antenak zabal ditzakegu, interesa sortzen diguten gaien gaurkotasuna gureganatzeko, arlo profesionalean zein pertsonalean.

Batzuetan antena horiek eramaten zaituzte zuzeneko ekitaldietara (biltzarrak, jardunaldiak, eta abar.), edo grabatu eta plataformaren batean utzita izan diren beste batzuetara (YouTube, Vimeo, eta abar). Adibide gisa, beheko esteka baten bitartez jardunaldi baten berri ematen da. Horretan sustatu nahi zen pazienteek medikamentuak zuhurtasunez erabiltzea .

(Oraindik ezin da Osakidetzatik ikusi zeren, YouTubek zenbait aldaketa egitearen ondorioz, segurtasun arazoak sortu baitira. Aholkularitza Juridikoa ari da horiek aztertzen).

M.L.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Jornada Pastillas las Justas - 1
  2. Jornada Pastillas las Justas - 2
  3. Jornada Pastillas las Justas - 3
LEHENENGO PERTSONAN

Idazkera sortzailearen tailerra Zamudioko Ospitalean

Idazkera sortzailearen beste ikastaro bati ekin diogu Zamudioko Ospitalean. Ohartu gabe ere, iazko egun berdinean hasi dugu: otsailaren 18an, eta horri zantzu ona deritzogu.Taldean gaude sei ikasle, Ana (monitorea) eta ni (Lola). Aurten ezin digu Mariak lagundu. Faltan izango dugu!

Zuekin ikasle baten ariketa bat partekatu nahi dugu, asto baten irudi bati buruzkoa da eta Juan Ramón Jimenezen “Platero y yo”ren testuan oinarrituta dago:

“Platero es sumiso, con la hondura de sus negros ojos entristecido, soportando o quizás aceptando su destino. No sucumbe al tedio sino que retoza aborrachado entre las tiernas hierbas verdes del prado. Sus enormes orejas, siempre despiertas, atentas a cualquier sonido que reviente su profundo sueño de abstracción.
Camina pomposo, seguro de encontrar lo que busca sin importarle el viento, ni la lluvia, sin sentirse solo; sólo quiere disfrutar de su momento, de sus instintos, de sus rebuznos acompasados y desea olisquear con su hocico todo alrededor, retorciéndolo para olfatear lo más íntimo de la vida.”

Blog bat daukagu, “Los aventureros de las palabras” deritzona. Denbora apur bat dudanean eguneratzen dut, baina maiztasun handiagoz egitea gustatuko litzaidake. Oso atsegin izango genuke zuek jarraitzea eta iruzkinak uztea.

Lola López de Lacalle.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Blog "Los aventureros de las palabras"

Elkarrizketa Begoñaldeko Argia-ren egoitza txikiko erabiltzaileekin

Begoñaldeko egoitza txikiak ateak zabaldu zituen 2015eko abuztuaren 4an. Argia Fundazioaren baliabide asistentzialeetako bat da, buruko nahasmen larria duten pertsonak eta horien senitartekoak artatzeko. BOMSek lagundu egiten du alderdi psikiatrikoan eta osasun mentaleko erizaintzaren arloan.

Hilabete batzuk igaro dira zabaldu zenetik eta oraingo honetan elkarrizketa egin diogu hiru erabiltzaileri. Hirurek egonaldi luzeak egin dituzte ospitaleetan. Orain hitz egiten digute euren oraingo egoeraz eta ospitaleko eta Begoñaldeko egonaldien arteko aldeaz.

Andrea de Sayas (Osasun Mentaleko erizain espezialista Bilboko TAKen eta Begoñaldeko egoitza txikian), eta Irene Arranz ( Osasun Mentaleko BEE).

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa

Argazki bilduma

Aukera bat parte-hartze komunitariorako: Uribefm, Gorliz Irratia, 107.8 fm

1989an irrati bat jaio zen Uribe Kostan; oraindik ari da hazten, eta haztearekin batera esparru osasuntsu bat eskaintzen dio komunitateari, egiteko aukera emanez: “eginez izateko, eta izatera heltzeko”.

Irratia atsegin baduzue, animo eta parte hartu! BOMSeko profesional eta erabiltzaile batzuk gogoz ari gara lanean; eta esperientzia gisa, aberasgarria suertatzen ari zaigu oso, dibertigarria izateaz gain.

Gustatuko litzaizuke norbait zoriondu? kanta bat edo poesia bat eskaini senide bati, lankideari edo, agian, zure lan-taldeari?

Musikaria al zara, idazlea, magolaria…, artista? Gustuko zenuke zure artea partekatu eta zabaltzea?
Zure irratsaioa sortzea gustatuko litzaizuke?
izan nahi duzu: kazetari, soinu-teknikari, esatari, saltzaile?

Gurekin jar zaitezke harremanetan orrialde honetan: www.uribefm.com edo posta elektroniko bidez nire helbidean: oscar.espinosamartinez@osakidetza.net

Óscar Espinosa (Terapeuta okupazionala, koordinatzailea eta proiektuaren arduraduna)

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Informazio gehiago Uribe FMri buruz

Beltxargak eta loreak. Soniaren erakusketa birtual laburra

Soniak aspalditik dio zaletasuna olio pinturari. Gaur bere margolanen erakusketa txiki bat ekarri digu. Lan gehienak udal tailerrean daude eginda, Basauriko Pozokoetxekoan, hain zuzen ere; eta erakusgai jarri ditugu Lmantalako irakurleek atsegin izango dituztelakoan.

O.M.

Argazki bilduma

2014/15eko areto-futboleko zentroen arteko ligako sailkapena

Sailkapen orokorra – 9. JARDUNALDIA

Taldea - Puntuak

1 BILBAO 21
2 AD GORANTZA 18
3 GASTEIZ 18
4 MANUENE 15
5 BARAKA 9
6 ERAGINTZA 9
7 SJD MONDRAGON 8
8 ZAMUDIO 5
9 ARGIA 4
10 DURANGO 4
11 ERMUA 2
11 URIBEKOSTA 0

Erlazionaturiko Loturak

  1. Emaitza osoak eta eguneratuak
BAZEN BEHIN

Oroitzapen batzuk, Zaldibarreko pisuetan egindako lanaren harira

“Historian” pentsatzen dugunean, begirada denbora-ostertz urrun batean jarrita egin ohi dugu beti, eta ahaztu egiten dugu guk geuk ere balio historiko handiko ezagutza eta bizipenak barnean gordetzen ditugula. Beharbada, ibilbide luzea eginda duten pertsonek kontatzeko asko izango dute, eta areago jubilatuek, egoera aparta batean daudelako euren “bizipenak” eta ezagutza partekatzeko.

Horrela sortu zen solasaldi bat, topa egiteen artean, BOMSeko jubilatuen omenezko azken jardunaldian. Halatan, Begoña Urkidik, Zaldibarreko pisuetan oso aspalditik arduradun-laguntzaile izandakoak, adore hartu eta apunte xume batzuk bildu zituen, haien historiari eta azken boladari buruzkoak, gerora Lmentalarekin partekatzeko.

Argazki bizi batzuk ere erantsi ditu, baina ez ditugu argitara emango, konfidentzialtasuna dela-eta. Argazki horiek nabarmentzen dute pisuetako erabiltzaileen artean izandako familia-giroa denboran zehar.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Oroitzapenak

Psikiatriaren Klasikoak (V). Emilio Mira y López

Gaur Emilio Mira y Lopez doktoreaz arituko gara. Medikuntzako historialari askoren ustetan bera izan da espainiar psikiatriaren irudirik nabarmenena XX. mendean.

L.P.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. 5. Fitxa: Emilio Mira y López
ATSEDENALDIA

“Soreragiten”

Hona hemen beste hordago bat. Ez ahaztu erantzuna bidaltzea, eta asmakizunen bat baduzu lankideei erronka egiteko, bidali eta argitaratuko dugu.

J.M.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Erantzuna bidali

Argazki bilduma

GUASApeatzen...

Ale honetan parte hartu dute:

Garbiñe Apraiz Urigüen, Irene Arranz Lombana, Ainhoa Bilbao Maiza (A.B.), Andrea de Sayas Gallo, José M. Díaz Zorrozua (J.D.), Leire Erkoreka Anda, Óscar Espinosa Martínez, Aiala Gatón Moreno, Enrique González Arza (E.G.), Fernando González Serrano, Lola López de la Calle, Mónica López Ortiz (M.L.), Óscar Martínez Azumendi (O.M.), Josune Martínez Magunacelaya (J.M.), Laura Narro Moreno, Rakel Natera Trigo, Luis Pacheco Yáñez (L.P.), Gaizka Portillo Benito, Begoña Urkidi Ganboa.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu eta Batzorde editoriala
LOTURAK