2014an ikerketa bat egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Fundació Salut i Envelliment-ek (FSiE). Ikerketa finantzatu zuen Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak, eta aurkitu zuten futbolaz hitz egiteak laguntzen diela Alzheimerra edo narriadura kognitiboa duten pertsonei, suspertzen baitizkie memoria, arreta, eta gogoa.
Ikerketaren ondorioz sortu zen “Futbola vs Alzheimerra” egitasmoa, “Libero” aldizkariak garatu zuena, Salut i Envelliment Fundazioarekin batera. Proiektua egin zen aipaturiko ikerkuntza-ildoa bultzatzeko, eta gaixoei laguntzeko . Bere web orrian esaten dutenez, “Liberoren lau ale egingo dira, duela hamarkada batzuk argitaratuak izan balira bezala; lau baliabide terapeutiko izango dira, eta egongo dira oinarrituta futbolaren historiaren unerik onenetan. FSiE-k prestatutako ariketa batzuen bitartez lagunduko zaie alzheimerra edo narriadura kognitiboa duten pertsonei”.
Aukera dago, halaber, "Liberoren" edizio bat norberak sortzeko, proiektuaren sustatzaileekin harremanetan jarriz. Artikuluak eta berariazko ariketak erabiliko dira, Alzheimerra duten pertsonen memoria, arreta eta gogoa suspertzeko.
Esan behar da "Libero" aldizkariak nahi duela, web orrian adierazten den moduan, “futbolaren eremura ekarri gizarte gogoetak; eta esparru bat ongi apaindu, kirolari buruzko literatura jasotzeko”. Hori guztia gutxi ez eta beste tresna bat jarri dute eskura web orrian: on line bidezko irrati bat, ahalbidetzen duena joan diren hamarkadetako futbol partidak entzutea, berreskuratzeko futbol zale amorratuen oroitzapenak.
Ederra da proiektua, eta baita bitxia ere. Horregatik, zabaldu da albistea “The Guardian” bezalako hedabide batean, eta nola ez, “Mundo Deportivon” ere.
B.R.